XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ARRANTZALEA IZAN NAHI DUT

Ni kaia eta hondartza duen herri ttiki batean bizi naiz.

Hamabi urte dauzkat eta Jaione dut izena.

Ttikia banaiz ere, denek jenio apur bat dudala diote. Herriko gehientsuenek ezagutzen naute, gaizto samarra naizelako agian, bihurrikeria asko egiten baititut. Baina, berdin dio.

Beti jolasean nabil nire lagunekin, eta bromak egitea asko gustatzen zait.

Jon izeneko anaia bihurri bat ere badut, hamar urtekoa (ni baino bi urte ttikiagoa).

Beti etxe atariko parkean dabil jolasean bere lagunekin, eta esaten dutenez nire antz izugarria du.

Baina, behingoz, has nadin kontatzen hona ekarri nauen istorioa.

Bizitzan zehar, ume guztiok edo pertsona gehientsuenok nahi berezi bat izaten dugu. Eta nik, beste ume guztiek bezalatsu, badut nire naia ere: ARRANTZALE IZAN NAHI DUT

Betidanik izan dut antsia hori.

Eta ba al dakizue zergatik dudan irrika hori? Ba nire aita eta aitona arrantzaleak direlako.

Horrez gain, itsasoan gertatu ohi diren abenturak eta bidaiak atsegin zaizkit.

Eta inork ez dakien beste arrazoi batengatik ere bai, txalupak ur gainean egiten dituen balantzek urdailean zirrara berezia eragiten didatelako.